XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HEGOALDEAN GAINDI

GIZARTEA

-Marino Lejarreta txirrindulari famatua ez zen lau ilabete hontan bere bizikletaren gainean ikusi.

Ixtripu baten gatik zen hori.

Baina hori ere garaitzekotan da.

108 garren egunean berriz abiatu da eta badu naski bostehun bat kilometro eginik ere hiru egunez.

Profesional mailean lehengo hartarat berriz heltzeko, horiek oro behar.

Nahiz ez duen oraino espanturik egin nahi, ustekeria bai badauka helduden irailaren ondar hortarako berriz kurtsa haundietan aurkitzen ahalko dela bere lagun xahar eta gazteen artean.

- Arrantzaleak berriz ere gataskan dabiltza itsasoan: hego Euskal Herri eta iparrekoen artean, hots, español eta frantses, dioten bezala dituztelarik betiko auziak.

Nahiz badiren behin baino gehiagotan akordio batzu izanak, sekulan bezain kexu zabiltzan egun hauetan oraino, elgar akusatuz arrantzako teknika moduez.

Batetik bestera, arrainaren prezioan ere badauzka horrek bere eraginak: hegoaldekoek ziotenaz, hegoaldeko arrantza moduek atuna txarragoa zutela biltzen eta hura merkeago saltzen, atunaren prezioak hola apalduz.

- Victoria Eugenia teatroa, bere obra haundietarik bat dauka Donostiako hiriak, Gipuzkoako kapitalean.

Aintzina ere ez du txarragoa izan beharko: zazpi miliar pezetaren obra bada berriz ere hor egitera doana, Odon Elorza alkateak jakin arazi duenaz.

Bere denborako berritze ta antolaketak ditu horiek hiriko kontseiluak, aintzinekoek ere egin zituzten bezala.

Seinalatzeko da alabaina berritze haundi bat ere eman ziola teatro famatuari Ramon Labayen aintzineko alkateak.

Besteak beste, ilabetean teatro obra haundi bat bederen ematen bide da hor.

Eta hor egiten diren musikaldi, zinema internazionalaren festibala eta gaineratekoak.

1912 urtean sortu zen berritarik etxe hori.

- Donostiako Aste Nagusiak ukan du aurten ere aipaldi eta arrakasta haundi: orotan musika eta alaitasun, hiri guzia alegrantzian eta mundu bat denetan, sekulan baino gehiago naski, erran ditake zinez besta egunak direla egun horiek udaren min-minean eta aurtengoak ere ez dituztela zenbaitek ahantziko.

- Bilboko ABAOren opera denboraldia Albia Coliseoan ideki zuten Operaren Elkarteko Lagunek Giuseppe Verdiren Aida lanarekin, abuztu honen 11an.

Baina ez dute Verdi izanen hor bakarra ondoko egunetan: helduden urriaren 26 eta 29etan emanen dute hor, besteak beste, Rossiniren El barbiere di Siviglia famatua eta besterik oraino helduden primaderan.

KULTURA

- Zeanuri, makearrek ongi ezagutzen duten herria, zen Andredena Mari besta hauetan arras gorenerat igana genuen herria: Iparragirre kantari famatu zenaren bizia zuten taulen gainean erakusten, herritar guziek obra horren muntatzen parte hartuz errateko maneran, Xuberoko pastorala batean ikusten den bezala nolazbait.

Herri guzia bai, 400 parte hartzale kondatu direnaz gain oro kondatuz, kantari, aktore, langile, antolatzale eta guziak hartuz.

Horietan 150 aktore, denak Zeanurikoak, hirur hogei bat kantari eta hauetan Gontzal Mendibil herriko seme kantaria lehena, eta, guzientzat, araberako toki haundi bat altxatua, lau mila lekukoa.

Baina horiek oro, eta gehiago, ez ote zituen merezi Iparragirre joan den mendeko kantari famatu zenak?

- Sariketak.

Lehenik Euskaltzaindiak Bilbao Bizkaia kutxarekin antolatzen dituen bost literatur sariak: Nobelakoa (Txomin Agirre), Antzerkikoa (Toribio Altzaga), Poesiakoa (Felipe Arrese y Beitia), eta idazle gazteendako (Resurrection Maria de Azkue saria).

Helduden urriaren 15 ean amaituko da sari horientzat lau lehen sarientzat lanen helarazteko epea.

Eta azaroaren 30ean gazteentzatekoa.

Gabriel Arestiren ipuin lehiaketarako deia ere zabaldua da.

Bilboko Udalak du hau egiten hamabigarren aldikotz.

Hau ere euskaraz baina españolez ere egin ditake.

Haatik epaimahiak ez dituzte bi mintzairek berak.

Hemen urriaren 16ko behar dira lanak helaraziak izan.

- Zumaian egin dira Nazioarteko Musikaren zortzigarren Jaialdiak.

Emanaldi horietan aurtengo aipagarriena Christoforo Colombo antzeslana izan da Carlo Merlo italiarrak zuzendurik, estrenaldia zutelarik hain zuzen Zumaian egin dutena.

Izan da besterik ere egun horietan, hala-nola Hego-Amerikako kantak, Maria Tafur sopranoa eta Nigel Foster pianojoilearekin eman direnak.

EKONOMIA

- Langabeziak beheititze bat ukan duela iragan uztailean, horra zer erakutsi duten INEMeko kondu ofizialek egun hauetan.

Horiek erakutsi dutenaz, 44.mila langabe gutiago ditake Espainia guzia hartuz, edo 2500 gutiago Euskal-Herri Autonomoko hiru probintzieri behatzen bada bakarrik.

Beti bezala, auzitto bat sortu dute holako konduek, sindikatuek kontestatzen baitituzte eta hauk ez batere ados kondatzeko manera horrekin.

Hala ere, oraino berri txarragoa izanen zen langabeziaren goititze bat erakutsi balute konduek.

Dena ere on beraz.